Borroka da gure eremu libre bakarra,
      Araitz Zubimendi SEGI-ko kideak idatzita artikulu unkigarri eta eredua da. 2002ko martxoaren 15a GARAn agertu zen.


      Araitz Zubimendi * Segi
      Borroka da gure eremu libre bakarra

      Segiko kideok ohiko prentsaurrekoetan esan ez eta barruan ditugun hainbat sentipen helarazi nahi dizkizuegu gurasoei, labur bada ere. Herri honen eskubideak, gazteon zapalkuntza eta antzekoak izan ohi dira sarri gure ahotik entzuten diren aldarriak. Baina gaurkoan, Segiko kideok borroka nola bizi dugun, eta, batez ere, une hauetan barruan zer gordetzen dugun azaldu nahi dizuegu, edo, behintzat, saiatu.

      Gazte mugimenduaren aurkako erasoak gogortzen hasi ziren unetik, erasoaldiaren helburuetako bat zuek kikiltzea eta jarrera aldatzea zela jabetu ginen. Estatuek egurra emanez gazteongan modu zuzenean eragitea baino gehiago, zeharka, zuen bitartez, borrokarako baldintzak zailtzea bilatzen zutela hain zuzen.

      Gerta dakiekeenaren beldurrez zuen seme-alaben aurka egin eta konpromisoak utz ditzaten indar egitea duela helburu errepresioak ulertu genuen: bileretara joaten ez uztea, kartelak itsasteko trabak jartzea, konpromisoak hartzean errepresioaren mehatxua gogoraraztea eta txantajeatzea... Finean, txakurrek makilarekin lortzen ez dutena gurasoen presioaren bitartez lortzea.

      Estatuek gazte mugimendua euren legeetatik kanpo uzteko erabakia hartu badute, gazteok lege hauetatik kanpo borrokatzen asmatu beharko dugu. Zuetako askok frankismoan egin bezala, guk ere ez dugu gure borroka alde batera utziko; are gutxiago gureak ez diren lege batzuek horrela agintzen dutelako.

      Egia da etengabe estatuen mehatxupean bizi garela, errepresioaren jo-puntuan gaudela. Zuetako as- korentzat, segur aski, egoera hau gerta dakigukeen gauzarik okerrena izango da; nola edo hala eta gauza guztien gainetik ekidin beharreko zerbait, beraz. Baina Segiko militanteontzat kartzelan baino presoago sentitzeko moduak daude. Are gehiago, errepresioaren jo-puntuan egotea bera libre sentitzeko modu bat izan daitekeela konbentziturik gaude. Izan ere, gure herri honetan, ia dena debekaturik dagoen herri honetan, gazteoi gelditzen zaigun eremu libre bakarra borroka da.

      Borrokak ematen digu guri aberastasuna, eta ez diruak. Gure herriaren askatasunean pentsatzeak betetzen gaitu, eta horrek beste ezerk baino zentzu gehiago ematen dio gure bizitzari. Ez gara bakarrik sentitzen. Une batzuetan ziegatan edo ezkutuan egotera behartu bagaituzte ere, beti sentitu gara jendez inguraturik. Bakardade fisikoari sentimendu kolektibo indartsu bat gailendu baitzaio.

      Zuen seme-alabak oso aberatsak dira, aberatsak guk ulertzen dugun zentzuan. Zuen seme-alabek urrea balio dute, nahiz eta guretzat urreak ez izan batere baliorik beste hainbat gauzaren ondoan. Gure ideiak alde batera uztea eta guk bizitza ulertzeko dugun ikuspegia baztertzea heriotza litzateke guretzat. Egun sistemak indarrean dituen joko arauen barruan bizitzea artifizialki oxigenoa jartzen dioten gaixo batek bezala bizirautea litzateke guretzat. Etsipena, beldurra, eta zapalkuntza oinarri dituen heriotza sistema baten bizi biologikoa.

      Segin talde lanean aritzen ikasi dugu. Beste hainbat lekutan nagusi diren protagonismo, pertsonalismo eta lehiakortasunetatik urrun, taldean lan egin eta bizitzen ikasi dugu. Kolektibo bezala funtzionatuz, guztiok gara trebeak gure arloan, guztiok daukagulako zer aportatu, gure nortasun eta izaerari uko ekin gabe. Elkarrekiko osagarritasuna da Segi eta Gazte Mugimenduaren arrakastaren gakoa.

      Inon ez omen dago pareko gazte mugimendurik. Hainbesteko indarra izateko zer egiten dugun galdegiten ziguten atzerrian, behin eta berriz. Baina gure erantzuna sinpleegia iruditzen zitzaien: gure lanean sinesten dugula, besterik gabe. Gainera, kolektibo bezala, taldean, herri bezala pentsatu eta bizitzen saiatzen gara. Hortik aurrera beste guztia bakarrik ateratzen da.

      Duela urtebete, Haikako lagunak kartzelatu zituztenean, senideei euren egoeraz galdegin eta zera erantzun ziguten: ongi zeudela, «Audiencia española»ko kalabozoetan kantatzen aritu zirela. Une horietan oilo-ipurdia jarri zitzaigun askori. Urtebeteren buruan, aste honetan kartzelatutakoen senideei gauza bera galdetu diegu, eta eman dieten erantzuna argia izan da: «Esaiezu jarrai dezatela aurrez genituen asmo eta proiektu guztiekin, orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela, ezingo gaituztela gelditu».

      Zuen aginduak beteko ditugu, zalantzarik ez izan. Besarkada iraultzaile bana guztiei: Gartzen, Mikel, Egoitz, Patrik, Alejo, Igor, Olatz, Olatz, Jabu, Igor, Ugaitz, Kafe, Garazi, Aiora, Asier, Gorka, Harkaitz, Asier, Xabier, Unai, Dabid, Aiboa, Ainara, Iker eta Aitziber. Biba zuek! Gora gu ta gutarrak! *

      comunismo o caos: el capitalismo mata a la página principal